XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) esan du euforia antzeztuz, eta mahaian besoekin palanka eginez niregana luzatu ditu ezpainak.

Musu eman diot, erdi-erdian, bete-betean.

-Gaxte kontua da hau dena jarraitu du ondoren.

- Niri ez zait gaxte kontua iruditzen!

- A ez? Enroilatzeko momentuari beldurra edukitzea ez al da adoleszentea?

- Ez dut uste guk beldurrik izan dugunik.

Istorio bat kontatuko dizut, Luisa, istorio zahar bat.

- Aitonarena?

- Zaharragoa oraindik; beharbada eskimalen arteko aitonik zaharrenek ere gogoratuko ez dutena, eskimalen ipuin bat baita.

Familia bat bizi zen herri batean: gurasoak bi seme-alabekin, neska-mutilak hauek.

Gauero, alabaren dendara, edo gelara, gizonezko bat sartzen zen, eta larrua jotzen zion.

Berehala alde egiten zuen ondoren.

Alabak, gizon hura nor zen jakiteko, gau batean ikatzez igurtzi zituen bularrak eta sabelaldea.

Gau hartan ere etorri zen gizona, jo zion larrua eta joan zen.

Biharamunean, jaiki zenean, neska adi-adi jarri zen gizonezkoei begira; norbaitek izan behar zuen ikatzaren aztarna gorputzean, eskuetan edo aurpegian.

Harriturik, hasiera batean, eta ikaraturik gero, bere anaiak aurpegia ikatzez beztua zeukala ikusi zuen.

Joan eta gurasoei kontatu zien den-dena.

Hauek, oso haserre, semeari deitu zioten.

Non zikindu duk aurpegi hori? Semeak eskua eraman zuen aurpegira, eta belztua zeukala ikusirik, hitzik gabe gelditu zen, eta ihes egin zuen.

Orduan arreba, sutatik ilenti bat hartu, eta anairen atzetik abiatu zen.

Biak galdu ziren gurasoen begi-bistatik eta ez zituzten inoiz gehiago ikusi.

Eta eskimalek esaten dute haizeak ilentiari ateratzen zizkion txinpartak zeruko izar bilakatu zirela; neskak zeraman ilentia eguzki bilakatu zela, eta mutila gau, eta bere aurpegi beltzaren garbigune apur haietatik sortu zela ilargiaren distira apala, zikindua bezala.

Eta geroztik eguna beti gauaren atzetik datorrela, eguzkia beti ilargiaren atzetik dabilela, (...)